Saltatu nabigazioa

Gidalerro didaktikoak

Datu orria

UNITATEAREN DESKRIBAPENA:

Ikasle guztiek seguruenik eskolarako bidean edo auzoan zehar ibiltzean inguruan dauden baratzak ikusi dituzte. Gainera, batzuen ezagun edo familiako kideek baratzak izango dituzte auzoan bertan eta  seguruenik batzuk ere baratzetan laguntzen ibili izan dira. Hala ere, iraganeko egoerarekin konparatuz gaur egun Altza auzoan askoz baratza gutxiago daudela jakina da. Beraz, auzoko bizilagunen bizitzetan hain garrantzitsua izan den gaia jorratzea eta horren inguruan gehiago jakitea ezinbestekoa da Altza auzoa eta inguruak hobeto ezagutzeko.

Baratzen eta natura zaintzearen inguruko garrantzian oinarrituta dago unitatea hau. Bertan, baratzek auzoan zuten garrantziaz hausnartuko dugu, ezagutzak eta bizipenak partekatzeko aukerak zabalduko ditugu eta erritu eta astronomiarekin zerikusia duten bitxikeriak partekatuko ditugu ere.

Unitate honetan ikasleen aurre ezagutza eta esperientzietatik abiatuz, auzoko baratzen iraganean murgilduz, auzokideen kontakizunak entzunez, gelakideekin jakintzak partekatuz eta elkarrekin informazioa debatituz erronka nagusi bat gauzatuko dute. Erronka unitateko ataza ezberdinetan landu dutena biltzea eta sormena erabiliz talde txikitan (3-4 kidekoak) ekoizpen bat egitea izango da. Horretarako beharrezkoak izango diren oinarri guztiak ataza ezberdinetan aurkituko dituzte, pixkanaka hausnartuz eta erronka nagusira hurbilduz.

Nahiz eta baratzen gaiaren edukiak eta ezagutzak landuko diren, helburua ez da eduki horiek barneratzea izango, ikasleek norbere ezagutzak partekatzea eta elkarrekin kolektiboki eraikitzea izango baita garrantzitsuena. Izan ere, ikasle guztiek gaiaren inguruko ezagutzak eta iritziak garatuko dituzte eta horiek elkarlotuz, informazio berria ulertuz, kideekin partekatuz eta debatituz Altzako baratzen historia guztion artean eraikitzea da unitatearen helburu nagusia.

Izenburua Altzako baratzak
Ataza kopurua 8
Maila / Zikloa Gaia egokitu eta sakontasun ezberdinarekin landu daitekenez, Lehen Hezkuntzako hiru ziklotan landu daiteke. Hala ere unitate hau 2 zikloan lantzea gomendatzen da.
Azken erronka Gaiaren inguruko talde lana: elkarrekin ekoizpen bat egin behar dute.
Saio kopurua 7
Baliabideak eta IKT tresnak Ordenagailua eta internet sarea.

Ikasketa bidea eta tenporizazioa

Atazak Atazaren helburu espezifikoak Tenporalizazioa
Altzako baratzak Gaia zein den ezagutzea, gaiaren inguruko aurreideiak eta ezagutzak partekatzen hastea, auzoan gaiak duen garrantzia pentsatzea, unitatean lantzea espero dena pentsatzea eta partekatzea.

 1/2 saio

Gaian murgiltzen Bideoa ikusiz gaiaren inguruko informazio gehiago eskuratzea, ikasleek dakitenarekin uztartzea, bideoan esaten dena pizten dituen oroitzapen edo jakintzak partekatzea. Informazio hori ezagun, irakasle eta familiako kideekin kontrastatzeko nahia sortzea. 1/2 saio
Kontakizunak Auzokideek kontatzen dutena entzutea eta ulertzea. Hitz egiteko era ezberdinak ulertzea eta mezuaren esanahia ateratzen jakitea. Elkarrizketatik ondorioak ateratzea gelakideekin debatitu ahal izateko. Ikaskideekin ezagutzak, bizipenak, iritziak eta oroitzapenak debatitzea eta aktiboki parte hartzea. 1 saio
Baratzak, errituak eta astronomia

Aurretik landu dena osatzea, bitxikeriak eta iraganeko altzako baratzetan garrantzitsuak ziren jakintzen berri izatea eta erronka gauzatzeko baliagarria izan daitekeen informazio gehiago eskuratzea.

1 saio
Abestien garrantzia Abestia arretaz entzutea eta horren inguruan ezagutzen duten abesti ezberdinak gogora ekartzea eta partekatzea. Lan egiten dugun bitartean abesteak edo musika entzuteak ekartzen dituen onurak eta desabantailak komentatzea. 1/2 saio
Hutsuneak bete Unitateari amaiera eman aurretik landutakoa errepasatzea eta ideiak argitzea. 1/2 saio
Erronka: Taldeka lan eginez Ikasleen aurreko ezagutzak unitatean landu, ikasi, partekatu, hausnartu eta debatitu denarekin uztartzea eta taldeka lan eginez interesgarrien iruditzen zaien ekoizpena sortzea aukeran ematen diren formatu ezberdinetan. Gelan eta gelatik kanpo ezagun eta familiako kideekin ideiak partekatuz taldean ekoizpena gauzatzea. Ekoizpena gelakideekin partekatzea, egindako lana aurkeztuz eta iritziak trukatuz. 2 1/2 saio
Nola egin dut lan? Norbere burua ebaluatzea eta egindako lanaren inguruan hausnartzea. 1/2 saio

Diziplinarteko izaera duenez ikasgai ezberdinetan landu daiteke unitatea, hala nola, ikerketa, euskara, natur zientziak, gizarte zientziak, balio sozial eta zibikoak edo IKT. 

Unitate honetako konpetentziak

OINARRIZKO KONPETENTZIAK:

Orokorrak:

  • Hitzezko, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia
  • Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia
  • Norbera izaten ikasteko konpetentzia

Espezifikoak:

  • Hitzezko eta idatzizko komunikazio jariokor, autonomo, sortzaile eta eraginkorrak egitea.
  • Hitzik gabeko kodeak ulertzea eta jarioz, autonomiaz, sormenez eta eraginkortasunez erabiltzea.
  • planifikatutako ekintzak gauzatzea.
  • Ideiak edo proiektuak sortzea eta/edo nork bere gain hartzea, proiektuen plangintza egitea eta haien bideragarritasuna aztertzea.
  • Ikasteko prozesu eta estilo kognitiboa autorregulatzea
  • Motibazioa eta borondatea autorregulatzea erabakiak eta betebeharrak gauzatzeko

DIZIPLINETAKO BARNEKO KONPETENTZIAK:

Orokorrak:

  • Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia
  • Konpetentzia sozial eta zibikoa
  • Teknologiarako konpetentzia

Espezifikoak:

  • Hainbat esparrutako hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak, analogikoak zein digitalak, ulertzea eta jarrera kritikoz balioestea, xede edo helburu pertsonalak, sozialak edo akademikoak erdiesteko.
  • Esparru pertsonal, sozial edo akademikoen berezko hitzezko, idatzizko eta ikusentzunezko testuak sortzea, eraginkortasunez erantzuteko askotariko komunikazio-beharrizanei. 
  • Bizi duten mun­dua ulertzeko behar dituzten ezagutzak, trebetasunak eta jarrera eskuratzea; hau da, munduaren alderdi fisikoak, sozialak eta kultu­ralak, iraganean izandako bizipen ko­lektiboak eta gaur egungo bizipenak, eta bizitza sozialari dagokion espazio fisikoa ulertzeko behar direnak, munduan eragile aktibo izateko.
  • Norberaren gizartea ezagutzea, eta bereziki haren iraganeko eta egungo eraketa, antolamendua eta funtzionamendua; gizartea zer lurraldetan eta nola ezarrita dagoen jakitea, haren iraganaren kontzientzia hartzea eta gizakien ekintzak gizartean sortzen dituen arazoen aurrean modu positiboan jarduteko gaitasuna lantzea.
  • Bizi duen inguruneaz jabetzen den herritarra izatea eta egoera hori onartzea, konpromisoa izanda eta elkartasuna adierazita; aintzat hartzea garaiko gizarteetako aniztasun soziala eta kulturala, eta, bereziki, egungo euskal gizartekoa, eta naturarekin, bere buruarekin eta gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko era berrien bila aritzea, gizartea hobetu eta jasangarri bihurtzeko.
  • Ingurune teknologikoko baliabideak testuinguru anitzetan erabiltzea, informazioa egoki aukeratu eta interpretatuta, ingurune horren funtzionamendua ulertzeko eta egungo gizarte teknifikatuak dituen ohiko arazoak konpontzeko

Helburuak

Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikusentzunezko diskurtsoak ulertzea eta interpretatzea, zenbait motatako komunikazioegoerei aurre egiteko.
 
Norberaren esperientziatik gertueneko esparruetan eraginkortasunez, errespetuz etaelkarrekin lan egiteko gogoz bai ahoz eta bai idatziz komunikatzeko gai izatea, unean uneko komunikazio-premiei behar bezala erantzuteko.
 
Eskolako eta norbera bizi den inguruneko hizkuntza-aniztasuna aintzat hartzea, aniztasun horrekiko jarrera positiboa barneratzeko, eta hizkuntzak komunikaziorako baliabide eraginkortzat eta kultura-ondaretzat hartzea, portaera linguistiko enpatikoak garatzeko eta euskara eguneroko bizitzan erabiltzeko.
  
Gizakiak ingurune fisikoan eta gizarte-ingurunean dituen esku-hartzeen zenbait adibide ikusi
eta kritikoki aztertzea, iraunkortasunaren ikuspegitik, eguneroko bizitzan ingurumena eta
ondare historikoa eta kulturala babesteko, berreskuratzeko eta kontserbatzeko jarrera izateko.
 
Inguruko testuinguru geografiko, sozial eta historikoko elementu garrantzitsuei lotutako
zalantzak eta problemak zein diren jakin, planteatu eta ebaztea. Informazioaren eta
komunikazioaren teknologiak erabiliko dira informazioa bilatzeko eta informazioa eta
ezagutzak trukatzeko, eta hipotesiak egingo dira konponbide alternatiboak aztertzeko eta
ikaskuntza-prozesuari berari buruzko hausnarketa egiteko.
 
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gero eta autonomia handiagoz informazioa lortzeko, eta elkarrekin komunikatzeko eta kooperatzeko. 
 
 

Ebaluazioa

Ebaluazio irizpidea orokorrak:

  • Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikusentzunezko diskurtsoak ulertzen eta interpretatzen ditu, zenbait motatako komunikazioegoerei aurre egiteko.
  • Norberaren esperientziatik gertueneko esparruetan eraginkortasunez, errespetuz etaelkarrekin lan egiteko gogoz bai ahoz eta bai idatziz komunikatzeko gai da, unean uneko komunikazio-premiei behar bezala erantzuteko.
  • Eskolako eta norbera bizi den inguruneko hizkuntza-aniztasuna aintzat hartzen du, aniztasun horrekiko jarrera positiboa barneratzeko, eta hizkuntzak komunikaziorako baliabide eraginkortzat eta kultura-ondaretzat hartzen du, portaera linguistiko enpatikoak garatzeko eta euskara eguneroko bizitzan erabiltzeko.
  • Gizakiak ingurune fisikoan eta gizarte-ingurunean dituen esku-hartzeen zenbait adibide ikusi eta kritikoki aztertzen ditu, iraunkortasunaren ikuspegitik, eguneroko bizitzan ingurumena eta ondare historikoa eta kulturala babesteko, berreskuratzeko eta kontserbatzeko jarrera du.
  • Inguruko testuinguru geografiko, sozial eta historikoko elementu garrantzitsuei lotutako
    zalantzak eta problemak zein diren jakin, planteatu eta ebazten ditu. Informazioaren eta
    komunikazioaren teknologiak erabiltzen ditu informazioa bilatzeko eta informazioa eta
    ezagutzak trukatzeko, eta hipotesiak egingo dira konponbide alternatiboak aztertzeko eta
    ikaskuntza-prozesuari berari buruzko hausnarketa egiteko.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko gai da, gero eta autonomia handiagoz informazioa lortzeko, eta elkarrekin komunikatzeko eta kooperatzeko. 

Unitatea ebaluatzeko irizpide zehatzak:

  • Ikaslea gelakideekin taldekatze txiki eta handietan ezagutzak, iritziak eta bizipenak partekatu ditu.
  • Gelako debatean parte hartu du, interesez eta txandak errespetatuz. 
  • Kontakizunetan erabilitako hitz egiteko era ezberdinak ulertu ditu eta ulertu ez baditu baliabideak bilatu ditu horiek ulertzeko.
  • Abestien inguruko iritzi eta ezagutzak parekatu ditu
  • Taldean lan egin du, ekoizpena taldean era orekatuan gauzatzea ahalbidetuz eta taldeko kideei lagunduz.
  • Kalitate oneko ekoizpen bat aurkeztu du taldean, era ulergarrian.
  • Besteen aurkezpenak eta azalpenak interesez entzun ditu.