Saltatu nabigazioa

Gidalerro didaktikoak

Datu orria

UNITATEAREN DESKRIBAPENA:

Ikasle gehienek gabonak ospatuko dituzte. Batzuek eskolan bakarrik egingo dute ospakizuna, beste batzuek familian elkartuko dira zerbait berezia egiteko, batzuek gabonetako giroa gustuko izango dute eta gabon eskean joango dira, beste batzuek, berriz, familian beste ospakizun berezi batzuk izango dituzte gabonekin lotura ez dutenak. Hala ere, gabonak Altzan aspaldidanik gogo handiz ospatu dira, askotan familien barne ospakizun mugak gaindituz eta bizilagunen artean egun berezi hauek ospatuz.

Unitate honetan Altzan gabonek izan duten garrantzia aztertuko dugu eta ospatzeko egiten ziren gauzak aztertuko ditugu. Gainera, marrazteko eta abesteko aukera izango dugu ere. Gela barnean elkarrekin oroitzapenak partekatzeko giroa sortuko dugu eta bizikidetza sustatuko dugu.

Unitate honetan ikasleen aurre ezagutza eta esperientzietatik abiatuz, auzoko gabon ospakizunetan murgilduz, gelakideekin jakintzak partekatuz eta elkarrekin informazioa debatituz erronka nagusi bat gauzatuko dute. Erronka unitateko ataza ezberdinetan landu dutena biltzea eta sormena erabiliz albiste bat idaztea izango da. Horretarako beharrezkoak izango diren oinarri guztiak ataza ezberdinetan aurkituko dituzte, pixkanaka hausnartuz eta erronka nagusira hurbilduz.

Nahiz eta gabonen gaiaren edukiak landuko diren, helburua ez da eduki horiek barneratzea izango, ikasleek norbere ezagutzak partekatzea eta elkarrekin kolektiboki eraikitzea izango baita garrantzitsuena. Izan ere, pertsona guztiok gaiaren inguruko ezagutzak ditugu eta horiek elkarlotuz, informazio berria ulertuz, kideekin partekatuz eta debatituz historia guztion artean eraikitzea da unitatearen helburu nagusia.

Izenburua Gabonetako ohiturak Altzan
Ataza kopurua 7
Maila / Zikloa Gaia egokitu eta sakontasun ezberdinarekin landu daitekenez, Lehen Hezkuntzako hiru ziklotan landu daiteke. 
Azken erronka Ikasleek asmatzen duten albiste batekin ekoizpen original bat egingo dute.
Saio kopurua 6
Baliabideak eta IKT tresnak Ordenagailua eta internet sarea.

Ikasketa bidea eta tenporizazioa

Atazak Atazaren helburu espezifikoak Tenporalizazioa
Gabonetako ohiturak Altzan Gaia zein den ezagutzea, gaiaren inguruko aurreideiak eta ezagutzak partekatzen hastea, unitatean lantzea espero dena pentsatzea eta partekatzea.

1/2 saio

Gaian murgiltzen Bideoa ikusiz gaiaren inguruko informazio gehiago eskuratzea, ikasleek dakitenarekin uztartzea, bideoan esaten dena pizten dituen oroitzapen edo jakintzak partekatzea. Informazio hori ezagun, irakasle eta familiako kideekin kontrastatzeko nahia sortzea. 1/2 saio
Gabonetako abestiak Auzokideek gabon eskean abesten zituzten abestiak ezagutzea, eskolan ikasten diren abestiak gogoratzea, eskolatik kanpo gabonei loturik ikasi dituzten abestiak partekatzea. Ospakizunetan abestiek duten garrantziaz hausnartzea. 1 saio
Marrazki Lehiaketa Norbere ideiak originalki orrialde batean marrazki baten bidez adieraztea. Gabonei loturiko marrazki bat egitea. Besteen marrazkiak ikustea eta iradokizunak luzatzea. 1 saio
Hutsuneak bete Erronka gauzatu aurretik landutakoa errepasatzea eta ideiak argitzea. 1/2 saio
Erronka: albisteak aztertzen eta idazten Ikasleen aurreko ezagutzak unitatean landu, ikasi, partekatu, hausnartu eta debatitu denarekin uztartzea eta norbere albistea asmatzeko eta horrekin ekoizpen bat sortzeko interesgarrien iruditzen zaien formatuan. Gelan eta gelatik kanpo ezagun eta familiako kideekin ideiak partekatuz ekoizpena gauzatzea. Ekoizpena gelakideekin partekatzea, iritziak trukatuz. 2 saio
Nola egin dut lan? Norbere burua ebaluatzea eta egindako lanaren inguruan hausnartzea. 1/2 saio

Diziplinarteko izaera duenez ikasgai ezberdinetan landu daiteke unitatea, hala nola, ikerketa, euskara, natur zientziak, gizarte zientziak, balio sozial eta zibikoak edo IKT. 

Unitate honetako konpetentziak

OINARRIZKO KONPETENTZIAK:

Orokorrak:

  • Hitzezko, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia
    • Ikasteko eta pentsatzeko konpetentzia

    Espezifikoak:

    • Informazioa bilatzea, aukeratzea, gordetzea eta berreskuratzea hainbat informazio-iturritatik (informazio-iturri inprimatu, ahozko, ikus-entzunezko, digital eta bestelakoetatik), eta iturri horien egokitasuna ebaluatzea.
    • Informazioa interpretatzea eta ebaluatzea (pentsamendu kritikoa).
    • Ideiak sortzea eta hautatzea (pentsamendu sortzailea).
    • Hitzezko eta idatzizko komunikazio jariokor, autonomo, sortzaile eta eraginkorrak egitea.
    • Hitzik gabeko kodeak ulertzea eta jarioz, autonomiaz, sormenez eta eraginkortasunez erabiltzea.

    DIZIPLINETAKO BARNEKO KONPETENTZIAK:

    Orokorrak:

    • Arterako konpetentzia
    • Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia

    Espezifikoak:

    • Arte-produktuak era pertsonal eta arrazoituan sortzea hainbat egoera eta bizi-esparrutan, emozioak, bizipenak eta ideiak adierazteko, irudikatzeko eta komunikatzeko.
    • Dagozkien denboran eta kulturan interpretatzea arte-adierazpenak eta -ekoizpenak, eta horietan dauden funtzioak eta erabilerak aztertzea eta bereiztea, pertsonen bizitzan duten esanahia eta eragina ulertzeko.
    • Hainbat esparrutako hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak, analogikoak zein digitalak, ulertzea eta jarrera kritikoz balioestea, xede edo helburu pertsonalak, sozialak edo akademikoak erdiesteko.
    • Esparru pertsonal, sozial edo akademikoen berezko hitzezko, idatzizko eta ikusentzunezko testuak sortzea, eraginkortasunez erantzuteko askotariko komunikazio-beharrizanei. 

    Helburuak

    Arteak eta kultura bisual eta musikalak norberaren ideiak, sentimenduak eta bizipenak komunikatzeko eta espresatzeko ematen duten aukera ugariez ohartzea, eta horretan, komunikazio-gaitasunean, pentsamendu kritikoan eta autokonfiantzan aurrera egitea.

    Arte-adierazpenen eta kultura bisual eta musikalaren funtzio sozial ugarien berri jakitea, eta adierazpenok guztiok norberaren eta besteen bizitzan duten presentziaz ohartzea, arteak gaur egun eta historian zehar gurean eta beste kultura batzuetan zer-nolako garrantzia duen eta izan duen ulertzeko.

    Norberak egindako artelanetan konfiantza izatea, lanean emandako denboran norberak egindakoaz gozatzea, eta horrek guztiak norberaren eta talde osoaren hazkunde pertsonalari egiten dion ekarpen itzelaz jabetzea, autoestimuan aurrera egiteko eta norberaren ideien eta sentimenduen berri emateko gaitasuna hobetzeko.

    Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikusentzunezko diskurtsoak ulertzea eta interpretatzea, zenbait motatako komunikazioegoerei aurre egiteko.
     
    Norberaren esperientziatik gertueneko esparruetan eraginkortasunez, errespetuz etaelkarrekin lan egiteko gogoz bai ahoz eta bai idatziz komunikatzeko gai izatea, unean uneko komunikazio-premiei behar bezala erantzuteko.
     

    Ebaluazioa

    Ebaluazio irizpidea orokorrak:

    • Arteak eta kultura bisual eta musikalak norberaren ideiak, sentimenduak eta bizipenak komunikatzeko eta espresatzeko ematen duten aukera ugariez ohartzen da, eta horretan, komunikazio-gaitasunean, pentsamendu kritikoan eta autokonfiantzan aurrera egiten du.
    • Arte-adierazpenen eta kultura bisual eta musikalaren funtzio sozial ugarien berri daki, eta adierazpenok guztiok norberaren eta besteen bizitzan duten presentziaz ohartzen da, arteak gaur egun eta historian zehar gurean eta beste kultura batzuetan zer-nolako garrantzia duen eta izan duen ulertzeko.
    • Norberak egindako artelanetan konfiantza du, lanean emandako denboran norberak egindakoaz gozatzen du, eta horrek guztiak norberaren eta talde osoaren hazkunde pertsonalari egiten dion ekarpen itzelaz jabetzen da, autoestimuan aurrera egiteko eta norberaren ideien eta sentimenduen berri emateko gaitasuna hobetzeko.
    • Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikusentzunezko diskurtsoak ulertzen eta interpretatzen ditu, zenbait motatako komunikazioegoerei aurre egiteko.
    • Norberaren esperientziatik gertueneko esparruetan eraginkortasunez, errespetuz etaelkarrekin lan egiteko gogoz bai ahoz eta bai idatziz komunikatzeko gai da, unean uneko komunikazio-premiei behar bezala erantzuteko.

    Unitatea ebaluatzeko irizpide zehatzak:

    • Ikaslea gelakideekin taldekatze txiki eta handietan ezagutzak, iritziak eta bizipenak partekatu ditu.
    • Gelako debatean parte hartu du, interesez eta txandak errespetatuz. 
    • Materialak arretaz entzun eta landu ditu, materialetan datorren informazioaz gain inguruko ezagunekin gaia landuz.
    • Abestiak arretaz entzun ditu eta ekarpen berriak egin ditu.
    • Sormenez marrazki lehiaketan parte hartu du, bere gabonetako marrazkia aurkeztuz.
    • Erronka gogoz gauzatu du. Kalitate oneko albiste bat aurkeztu du eta era ulergarrian egin du aurkezpena, gelan landutako hainbat ideia txertatuz.