Saltatu nabigazioa

Gidalerro didaktikoak

Datu orria

UNITATEAREN DESKRIBAPENA:

Jolasak ikasle guztien bizitzaren parte dira, txikitatik jolasen bidez dibertitzen dira, harremanak eratzen dituzte eta ikasten dute. Jolas ezberdin asko ezagutzen dituzte, hala ere, batzuk guztiz ezezagunak zaizkie jada modan ez daudelako eta teknologiak berriak jolasen munduan pisu asko hartu dutelako.

Unitate honetan ezagutzen duten zerbaiten inguruan debatituz, iritzi eta ezagutzak partekatuz eta Altzako bizilagunen esperientzia eta kontakizunei entzunez curriculumeko oinarrizko konpetentziak garatuko dituzte, bizikidetzan ikasiz eta besteekin ezagutzak partekatuz.

Beraz, beraien bizitzan hainbeste pisua duten jolasen inguruko hausnarketa bultzatuko dugu unitate honetan.

Unitate honetan ikasleen aurre ezagutza eta esperientzietatik abiatuz, auzoko bizilagunek jolasten zituzten jolasen munduan murgilduko gara, Altzako auzokideen kontakizunak entzunez, gelakideekin jakintzak partekatuz eta elkarrekin informazioa debatituz. Ondoren, erronka nagusi bat gauzatuko dute. Erronka unitateko ataza ezberdinetan landu dutena buruan izanik, nahiago dituzten hiru jolas tradizionalen inguruko ikerketa egitea izango da. Horretarako beharrezkoak izango diren oinarri guztiak ataza ezberdinetan aurkituko dituzte, azken erronka aurkezteko fitxa betegarri bat deskargatzeko aukera izango dute eta jolas ezberdinak biltzen dituen txosten bat eskuragarri izango dute ere.

Nahiz eta jolasen gaiaren edukiak landuko diren, helburua ez da eduki horiek barneratzea edo buruz ikastea izango, ikasleek norbere ezagutzak partekatzea eta elkarrekin kolektiboki eraikitzea izango baita garrantzitsuena. Izan ere, pertsona guztiok gaiaren inguruko ezagutzak ditugu eta horiek elkarlotuz, informazio berria ulertuz, kideekin partekatuz eta debatituz iraganeko jolasak eta jolas berriak guztion artean partekatu eta ezagutzea da unitatearen helburu nagusia.

Izenburua Jolasak Altzan
Ataza kopurua 8
Maila / Zikloa Gaia egokitu eta sakontasun ezberdinarekin landu daitekenez, Lehen Hezkuntzako hiru ziklotan landu daiteke. Hala ere unitate hau 1 edo 2 zikloan lantzea gomendatzen da.
Azken erronka Ikasleen jolas ezberdinen inguruan ikerketa bat gauzatuko dute
Saio kopurua 7-1/2
Baliabideak eta IKT tresnak Ordenagailua eta internet sarea.

Ikasketa bidea eta tenporizazioa

Atazak Atazaren helburu espezifikoak Tenporalizazioa
Jolasak Altzan Proiektua aurkeztea, gaia zein den ezagutzea, gaiaren inguruko aurreideiak eta ezagutzak partekatzen hastea, unitatean lantzea espero dena pentsatzea eta partekatzea.

 1/2 saio

Gaian murgiltzen Bideoa ikusiz gaiaren inguruko informazio gehiago eskuratzea, ikasleek dakitenarekin uztartzea, bideoan esaten dena pizten dituen oroitzapen edo jakintzak partekatzea. Proposatzen diren azpigai zehatzen inguruan hausnartzea. Informazio hori ezagun, irakasle eta familiako kideekin kontrastatzeko nahia sortzea. 1 saio
Kontakizunak Auzokideek kontatzen dutena entzutea eta ulertzea. Hitz egiteko era ezberdinak ulertzea eta mezuaren esanahia ateratzen jakitea. Elkarrizketatik ondorioak ateratzea gelakideekin debatitu ahal izateko. Ikaskideekin ezagutzak, bizipenak, iritziak eta oroitzapenak debatitzea eta aktiboki parte hartzea. 1 saio
Goazen jolastera Jolas ezberdin eta zehatzen inguruan gehiago jakitea eta ahal izan ezkero hauek praktikan jartzea. Gelakideekin eta beste eskolako haurrekin jolas gogokoenak partekatzea 1 saio
Eskulanen atala Kontakizuna eta azalpenak jarraituz eskulana sortzea eta prozesuan elkarri laguntzea. 1 saio
Erronka: Iraganeko jolasen ikerketa Ikasleen aurreko ezagutzak unitatean landu, partekatu, hausnartu eta debatitu denarekin uztartzea eta iraganeko aukeratutako jolasen inguruan ikerketa gauzatzea. Norbere fitxa egokitasunez eta zehaztasunez betetzea. Erronka gogoz eta besteengandik ikasitakoarekin gauzatzea. 2 saio
Hutsuneak bete Unitateari amaiera eman aurretik landutakoa errepasatzea eta ideiak argitzea. 1/2 saio
Nola egin dut lan? Norbere burua ebaluatzea eta egindako lanaren inguruan hausnartzea. 1/2 saio

Diziplinarteko izaera duenez ikasgai ezberdinetan landu daiteke unitatea, hala nola, ikerketa, euskara, natur zientziak, gizarte zientziak, balio sozial eta zibikoak edo IKT. 

Unitate honetako konpetentziak

OINARRIZKO KONPETENTZIAK:

Orokorrak:

  • Ikasteko eta pentsatzeko konpetentzia
  • Hitzezko, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia
  • Norbera izaten ikasteko konpetentzia

Espezifikoak:

  • Hainbat iturritan (inprimatuak, ahozkoak, ikus-entzunezkoak, digitalak...) informazioa bilatzea, aukeratzea eta erregistratzea, eta iturrien egokitasuna ebaluatzea.
  • Ideiak sortzea, aukeratzea eta adieraztea (pentsamendu sortzailea)
  • Hitzezko eta idatzizko komunikazio jariokor, autonomo, sortzaile eta eraginkorrak egitea.
  • Hitzik gabeko kodeak ulertzea eta jarioz, autonomiaz, sormenez eta eraginkortasunez erabiltzea.
  • Konpetentzia digitala: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu sortzaile, kritiko, eraginkor eta seguru batez erabiltzea, ikasteko, aisiarako, inklusiorako eta gizartean parte hartzeko.
  • Hitzezko komunikazioa, hitzik gabekoa eta komunikazio digitala autorregulatzea
  • Motibazioa eta borondatea autorregulatzea erabakiak eta betebeharrak gauzatzeko

DIZIPLINETAKO BARNEKO KONPETENTZIAK:

Orokorrak:

  • Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia
  • Konpetentzia sozial eta zibikoa
  • Arterako konpetentzia

Espezifikoak:

  • Hainbat esparrutako hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak, analogikoak zein digitalak, ulertzea eta jarrera kritikoz balioestea, xede edo helburu pertsonalak, sozialak edo akademikoak erdiesteko.
  • Esparru pertsonal, sozial edo akademikoen berezko hitzezko, idatzizko eta ikusentzunezko testuak sortzea, eraginkortasunez erantzuteko askotariko komunikazio-beharrizanei. 
  • Norbera banakako pertsona dela eta gizartean beste pertsona batzuekin bizi dela ulertzea, eta pertsona horiekin lanean aritzea eta antolatzea askotariko ezaugarriak eta xedeak dituzten taldeetan, maila bat baino gehiagotan (familian, eskolan, auzoan, herrian, nazioan eta gainerako mailetan).
  • Bizi duten mundua ulertzeko behar dituzten ezagutzak, trebetasunak eta jarrera eskuratzea; hau da, munduaren alderdi fisikoak, sozialak eta kulturalak, iraganean izandako bizipen kolektiboak eta gaur egungo bizipenak, eta bizitza sozialari dagokion espazio fisikoa ulertzeko behar direnak, munduan eragile aktibo izateko. 
  • Euskal Herriko nahiz beste herrialdeetako kultura-ondareko arte-adierazpenak ezagutzea eta balioestea, eta adierazpenok zaintzeko, babesteko eta etengabe berritzeko lanetan besteekin batera kolaboratzea, eta horretan, norberarenaz bestelako kulturetako pertsonekin lan egiteak eta esperientzia artistikoak trukatzeak denok aberasten gaituela ohartzea.

Helburuak

Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikusentzunezko diskurtsoak ulertzea eta interpretatzea, zenbait motatako komunikazioegoerei aurre egiteko.
 
Norberaren esperientziatik gertueneko esparruetan eraginkortasunez, errespetuz eta elkarrekin lan egiteko gogoz bai ahoz eta bai idatziz komunikatzeko gai izatea, unean uneko komunikazio-premiei behar bezala erantzuteko.
 
Eskolako eta norbera bizi den inguruneko hizkuntza-aniztasuna aintzat hartzea, aniztasun horrekiko jarrera positiboa barneratzeko, eta hizkuntzak komunikaziorako baliabide eraginkortzat eta kultura-ondaretzat hartzea, portaera linguistiko enpatikoak garatzeko eta euskara eguneroko bizitzan erabiltzeko.
  
Autonomiaz eta arduraz jokatzea eguneroko bizitzan, talde harremanetan, ikasgelan, ikastetxean eta ingurune hurbilean, eta komunikazio- eta gizarte-trebetasunak erabiltzea gizartean erlazionatzeko, haren parte izanik.
 
Arte-hizkuntzen oinarrizko teknikak, baliabideak eta konbentzioak ezagutzea eta erabiltzen jakitea, eta teknologia berriek sormen lanetarako ematen dituzten aukera ugariak aprobetxatzea.
 
Norberak egindako artelanetan konfiantza izatea, lanean emandako denboran norberak egindakoaz gozatzea, eta horrek guztiak norberaren eta talde osoaren hazkunde pertsonalari egiten dion ekarpen itzelaz jabetzea, autoestimuan aurrera egiteko eta norberaren ideien eta sentimenduen berri emateko gaitasuna hobetzeko.

Ebaluazioa

Ebaluazio irizpidea orokorrak:

  • Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikusentzunezko diskurtsoak ulertzen eta interpretatzen ditu, zenbait motatako komunikazioegoerei aurre egiteko.
  • Norberaren esperientziatik gertueneko esparruetan eraginkortasunez, errespetuz etaelkarrekin lan egiteko gogoz bai ahoz eta bai idatziz komunikatzeko gai da, unean uneko komunikazio-premiei behar bezala erantzuteko.
  • Eskolako eta norbera bizi den inguruneko hizkuntza-aniztasuna aintzat hartzen du, aniztasun horrekiko jarrera positiboa barneratzeko, eta hizkuntzak komunikaziorako baliabide eraginkortzat eta kultura-ondaretzat hartzen du, portaera linguistiko enpatikoak garatzeko eta euskara eguneroko bizitzan erabiltzeko.
  • Autonomiaz eta arduraz jokatzen du eguneroko bizitzan, talde harremanetan, ikasgelan, ikastetxean eta ingurune hurbilean, eta komunikazio- eta gizarte-trebetasunak erabiltzen ditu gizartean erlazionatzeko, haren parte izanik.
  • Arte-hizkuntzen oinarrizko teknikak, baliabideak eta konbentzioak ezagutzen ditu eta erabiltzen dakizki, eta teknologia berriek sormen lanetarako ematen dituzten aukera ugariak aprobetxatzen ditu.
  • Norberak egindako artelanetan konfiantza du, lanean emandako denboran norberak egindakoaz gozatzen du, eta horrek guztiak norberaren eta talde osoaren hazkunde pertsonalari egiten dion ekarpen itzelaz jabetzen da, autoestimuan aurrera egiteko eta norberaren ideien eta sentimenduen berri emateko gaitasuna hobetzeko.

Unitatea ebaluatzeko irizpide zehatzak:

  • Ikaslea gelakideekin taldekatze txiki eta handietan ezagutzak, iritziak eta bizipenak partekatu ditu.
  • Materialetako hiztegia eta hitz egiteko era ezberdinak ulertu ditu, horietatik ideia interesgarriak ateraz.
  • Idatziz ideiak jasotzeko gai izan da eta idatzitakoa online plataformaren bidez partekatu du.
  • Eskulana trebetasunez eta sormenez gauzatzeko gai izan da.
  • Ikereketa gogoz gauzatu du, gelan landutako informazioa zabalduz eta bere kabuz informazio gehiago bilatuz.
  • Kalitate oneko ekoizpen bat aurkeztu du eta era ulergarrian egin du aurkezpena, gelan landutako ideiak kontuan izanik